Codesyntaxek garatutako proiektu teknologikoa da UMAP. Twitterlari euskaldunen jarduna jaso eta filtratzen dugu, denbora errealean eta automatikoki, txio guztiak aztertu eta euskarazkoak bahetuta.
Datu horiekin, eta algoritmo batzuk aplikatuta, gauza bi lortzen ditugu:
Euskal tuiterlarion jarduna jasotzen dugu denbora errealean. Horri esker, euskaldunon arteko Joerak (TT, Trending Topic) identifikatu ditzakegu. Hauexek dira, hortaz, gurean pil-pilean dauden gaiak.
Bakarrik #traola duten hitzak kontatzen ditugu. Zenbait traol errepikakor ez dira zenbatzen (automatiko gehitutakoak, spam saiakerak, ostiraletako, #ff traola eta abar).
Gure robotak euskal tuiterlari gehientsuenak jarraitzen dituenez, guztien zerrenda ikusteko aukera ere ematen dizu: Euskal Twitterlarien komunitatea osatzen dugunon zerrenda. Zenbat euskal tuiterlari dago sarean? Zeintzuk dira? Jakin badakigu batzuek ihes egingo digutela, baina uste dugu aktiboenak, behintzat, detektatzeko gai dela gure robota.
Gainera, tuiterlarien arteko sailkapena edo Rankinga ere proposatzen digu Umapek. Horretarako algoritmo bat aplikatzen die euskal tuiterlari guztiei, besteak beste ondorengo faktoreak kontuan hartuta: jarraitzaile kopurua, jasotako bertxioak, idatzitako euskarazko txioen interesa, eta abar. Azken batean, erabiltzaile interesgarrienak detektatu eta sailkatzen ditugu; #euscool-enak, badakizue.
Ranking hau astelehenero eguneratzen da, aurreko asteko jarduna aintzat hartuta; sailkapen horretako tuiterlarien artean, beraz, berriak sartuko dira astero, eta beste batzuk desagertuko (itxitakoak, inaktiboak, euskaraz txiokatu ez dutenak, eta abar).
Euskal tuiterlari aktiboenak jarraitzen ditugunez, eta euren eduki guztia filtratzen, egunean zehar interes gehien piztu duten albisteak eta loturak ere identifikatzen ditugu. Komunitatearentzat garrantzitsuenak diren albiste horiek Sustatura bidaltzen ditugu, eta horrelaxe elikatzen da, automatikoki, Sustatuko pilotu automatikoa, Umapeko komunitate honetako tuiterlariek txiokatutako albiste nagusien bidez.
Bai Umap.eu zein Sustatuko albistegi automatikoa RobSoc plataformaren emaitza dira, CodeSyntaxek garatutako produktu teknologikoa. Erdarazko produktu batean ere ari gara aplikatzen azpiegitura berbera: Niagarank.es.
Garapen hauek Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzak jaso dituzte.