2014-10-07 12:03
Ttitto Betbederren laguntzarekin, Ipar Euskal Herriko euskal txiolariak identifikatu ditugu, eta euren jardueraren inguruko zenbait datu laburbilduko dizkizuegu: Iparraldeko twitterlariek %65 txiokatzen dute euskaraz, %10-15 frantsesez eta eta %6-8 espainolez.
Duela aste batzuk, Titto Betbeder Euskal Irratiak Federazioko arduradunak, Ipar Euskal Herriko txiolarien azterketa txiki bat aurreratu zuen, Umap-eko rankineko lehenengo 1000 erabiltzaileak gainbegiratu ostean.
Alde batetik, Iparraldeko txiolariak identifikatu zituen, gainontzeko euskal twitterlarien artean. Eta zenbait ondorio ere atera zituen, besteak beste, euskaraz gehien txiotatzen dutenak hedabide eta kazetariak direla, eta gizarteko hainbat esparruk oso leku txikia duela euskarazko Twitterren (politikariak, kirolariak, instituzioak, kultura...).
Ipar Euskal Herriko txiolarien rankina ere egin zuen; honatx aurreneko hamarrak:
Ipar Euskal Herriko txiolarien profil linguistikoa
Hasierako lan horretatik abiatuta, Ttittok lanean jarraitu du, eta Umapen azaltzen diren Iparraldeko txiolariak zerrendatu ditu. Hau da, euskaraz txiokatzen duten twitterlariak (gehientsuenak, bederen) ideintifikatu ditu; Umapen jarraitzen ditugun 5000 txiolarietatik Iparraldeko 63 aurkitu ditu Betbederrek. Eta gure aldetik, erabiltzaile horien datuak jaso eta aztertu ditugu. Hauxe da irten zaigun grafikoa (egin klik handitzeko), hilez hileko hizkuntza-erabilera laburbilduz:
Datu horiei begira, laburpen txiki bat:
Datu horien harira, esango genuke Iparraldeko txiolariak "hegoaldeko" txiolarien profilera hurbiltzen direla. Sareko komunitate bereko kide izanik, eta kopuruz askoz gutxiago, Hegoaldeko hizkuntzetara hurbiltzen dira, elkar komunikatzeko. Hartara, euskara gehiago erabiltzen dute, frantsesa gutxi(ago), eta espainola ere neurri hazi samarrean darabilte. Datuek nolabait erakutsiko lukete euskal txiolarien komunitate bat existitzen dela, mugak ez gaituela banatzen, kasu honetan. Hala ere, beste faktore batzuk ere kontuan hartu behar dira edozein azterketa egin aurretik, besteak beste, Iparraldeko txiolarien kopurua txikiegia dela ondorio sendorik ateratzeko (gainera, horietako gutxi batzuk bakarrik dira maiztasunez txiokatzen dutenak), eta Iparraldeko erabiltzaileen artean jatorriz Hegoaldekoa denik ere badela.
Oraingoz, lehenengo hurbilketa bezala plazaratzen ditugu datuok.
Oharra(k):
Albistegi hau Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 lizentziapean dago.