Twitterreko euskal komunitatea eta euskararen erabilera: apirileko estatistikak

2013-05-14 16:22

Umapen Twitterreko euskarazko tuiterlarien eta txioen jarraipena egiten dugu. Hil honetatik aurrera, hileroko laburpen-txostenak argitaratzen hasiko gara. Hilean zehar euskaraz txiokatu duten erabiltzaileen kopurua, euskararen erabilera, eta antzeko zenbait datu orokor. Apirileko datuen laburpena:  5.292 tuiterlari aktibo detektatu ditugu; egunean euskarazko 8.378 mezu txiokatu dira; komunitateko tuiterlarien euskararen erabilera %49,13-koa izan da.

Codesyntaxen eta Umap proiektuan aspaldi ari gara euskararen presentzia sare sozialetan aztertzen, batez ere Twitterren. Aste honetatik aurrera beste urrats txiki bat emango dugu eta hilero Umapek jasotako datuen estatistikak eta grafikoak argitaratuko ditugu, txosten labur baten bidez (PDF, 55 Kb).

Umapek Twitterreko euskarazko jarduna jaso eta filtratzen duenez, ondorengo txosten honetan UMAPen jasotako datuetan oinarritutako azken hilabeteko estatistikak aurkituko dituzu. Euskaraz aritzen diren tuiterlarien hileroko laburpena da, hortaz. Hurrengo hilabeteetan azterketa historikoa ere plazaratuko dugu; oraingoz, apirileko honetan, hileko datuak besterik ez (oharretarako, ikusi txostenaren amaieran).

Twitterreko euskal komunitatea eta euskararen erabilera - 2013ko apirila

Apirilean zehar 5.292 erabiltzaile aktibo izan ditugu gure Rankingean. Datu-basean, guztira ia 10.000 hautagai inguru dira, baina horietatik 5.292 izan dira gure irizpideen arabera komunitateko kide bezala identifikatu ditugunak (hilean zehar aktiboak izan direnak eta euskaraz idatzi dutenak). Duela gutxi ere izan genuen gai hori aipagai Umapeko albistegi honetan bertan eta Codesytaxen blogean (helbide horietan informazio gehigarria).

Idatzitako txioei dagokionez, komunitateko 5.292 erabiltzaile horiek 511.663 txio bidali dituzte, horietatik 251.364 (%49,13) euskaraz. Egunero, bataz beste, 8.378,80 euskarazko txio bidali ditugu. Gainontzeko hizkuntzen artean, mezuen %29 gaztelaniaz, %8 ingelesez eta %1 frantsesez*.

Hala ere, batez ere euskaraz txiokatzen duten erabiltzaileak (%60 baino gehiago euskaraz), erabiltzaile guztien %38 besterik ez dira (2.000 inguru); gainontzekoek hortik behera. Kontuan izan, gainera, Umapek ez dituela ez jarraitzen eta ez baloratzen euskara-erabilera anekdotikoa duten erabiltzaileak (%20tik beherako erabilera dutenak).

Komunitateko 5.292 lagun horien jardunari dagokionez, horietako gehienek tarteka-marteka besterik ez dute erabiltzen Twitter. Erabiltzaileen arteko %62 inguruak egunean txio bat baino gutxiago argitaratu du. Horrek esan nahi du (nolabait orokortuz eta laburbilduz), komunitate osoaren %30 inguru dela Twitterreko euskarazko jarduna sortzen eta biziarazten duena (1.500 erabiltzaile inguru).

Datu osagarriak eta grafikak PDFan aurkituko dituzu.

 

*Oharra: Twitter bidez zenbait mezu jaso ditugu hizkuntza-detekzioaren inguruan galdezka (nola egiten den, zein hutsegite-tasa daukan, eta abar). Hurrengo egunetan azalpen zabalagoak emango ditugu albistegi honetan bertan.

 

Iruzkindu

Twitter ikonoa

Erantzuna emateko, Twitter bidez erregistratu behar zara.